Izena. Plurala.
Norbanakoak bizi izandako esperientzia eta gertaeretako bakoitza, haren izaera
eta nortasunaren eraketan parte garrantzitsu dena. Hauxe baita
"bizipenak" hitzaren esanahia. Hori dela eta, nire haurtzaroaren
bizipenak gogoratzeko eskatzen didaten bakoitzean, bizi izandako unerik
hoberenak, dibertigarrienak, sentikorrenak... burura etortzen zaizkit.
Txiki-txikitatik
ikastolan antolatzen genituen ekitaldi mota guztiak ikaragarri gustatzen
zitzaizkidan. Une ederrak ziren, gogoratzekoak. Hemen utziko dizuet bideo txiki
bat, non une horietako hamar argazki ikusi daitezkeen.
SANTA AGEDA OSPATZEN
Lehenengo hiru argazkiak Santa Ageda egunekoak dira.
Argazki hauek milaka gauza eta momentu onak ekartzen dizkidate burura. Egia
esan, atzo izan balitz bezala gogora dezaket.
Hasteko, Santa Ageda eguna ospatu baino egun batzuk
lehenago, klaseko irakasleak paper bat ematen zigun non egun horretan baserritar jantziarekin
joan behar ginela eta gure Santa Agedako makila eraman behar genuela esanez.
Aurreko egunean hain zuzen ere, nire baserritar jantzia eta makila ohe
ondo-ondoan utzi eta dena prest utzi eta gero, goiz oheratzen nintzen;
ikastolan egiten genituen ekitaldi guztiak zoratzen ninduten eta.
Eguna iritsi eta klase-kide guztiak, irakaslearekin
batera, kalean zehar joaten ginen kantuka. Gure makilekin lagunduta, Santa
Agedako abesti ospetsuenak abesten genituen eta gero, eremu horretako
auzokideek litxarreriak eta bestelako janaria oparitzen ziguten. Eguna amaitzen
zelarik, janari eta litxarreri guztiekin, ikastola guztirako merendola bat
prestatzen genuen.
Adiskidetasuna, zoriontasuna, eskuzabaltasuna...
dira gogoratzen ditudan sentimendu batzuk.
INAUTERIAK
Hurrengo hiru argazkiak inauteriak ikastolan nola
ospatzen genituen adierazten dute. Ipotx, pirata...
Inauteriak ospatzea izugarrizko poztasuna eragiten
zidan. Oraindik gogora dezaket irakasleak mozorro desberdinak proposatzen
zizkigun eguna, gero guk proposaturikoetatik bat aukeratzeko. Baina hori ez zen
egin eta prestatu beharreko guztia, ez horixe; denon artean mozorroak egiten
genituen eta dantza bat prestatzen genuen.
Inauteriak ospatzeko eguna iritsi eta denok
urduritasuna nabaritzen genuen gure baitan: datzaren urrats guztiak birpasatu,
mozorrotu, azken xehetasunak egin... Urtero espero genuen unea iristen zen!
Korrika batean, lagun guztiak areto nagusira joan eta ekitaldiarekin hasten
genuen.
Sekulako eguna zen! Beste pertsonai baten papera
hartzen genuen, horren inguruko jolasak egiten genituen eta mundua beste
perspektiba batetik ikusten genuen egun batez. Momentuan, jolasteko eta ongi
pasatzeko eguna zen; baina, orain ikusi dezaket nola inauteriak, hain
txikitatik, beste pertsonai baten papera hartzean enpatia garatzen laguntzen
zigun.
OLENTZEROREKIN GABONAK OSPATZEN
Bukatzeko, bideoan azkenengo lau argazkiak nire
ikastolako Gabonen ingurukoak dira: Olentzerok egiten zigun bisita, ikasle
guztiak egiten genuen euskal dantzak eta orokorrean egiten genuen ekitaldia.
Gabonak ez ziren egun bateko zerbait, abendua hasten
zenetik hilabete liluragarri osoa zen. Abenduko lehenengo astean, denon artean
Olentzerori gutun bat idazten genion. Gutun horretan, klase osorako nahi genituen
jolasak eta liburuak idazten genituen, gero gutun hori postez bidali ahal
izateko. Baina hori ez zen egin beharreko guztia. Gutuna idatzi eta gero, gure
gela apaintzen genuen ilusioz beteta.
Gabonak ospatzeko eguna iritsitakoan, bisita
hunkigarria genuen: Olentzeroren bisita. Olentzerok, opariz kargaturik,
ikastolara etortzen zen gure ilusioa areagotzeko. Opari guztiak ireki eta
munduko umerik alaienak ginen. Geroago, denok areto nagusira joaten ginen
korrika eta saltoka, gune Gabonetako ekitaldia hasteko prest.
Ekitaldian, dantza desberdinak egiten genituen,
euskal dantzak barne. Mailaz maila dantzatzen genuen, guztira bederatzi
ikuskizun egin arte. Kurtso osoko unerik miresgarriena zen.
Ilusioa, alaitasuna, miresgarritasuna,
adiskidetasuna, eskuzabaltasuna, poztasuna, xarmagarritasuna...
No hay comentarios:
Publicar un comentario